Humanitate digitalak
Humanitate digitalak arloa
Gizarte digitalak eraldaketa sakonak eragin ditu kulturan, hizkuntzetan, ingurumenean, demokrazian, komunikazioan, lanaren antolaketan eta bizikidetzan. Humanitate Digitalen jakintza-arloan, eraldaketa horiek interpretatzeaz gain, berauetan eragiteko tresna eta metodologiak lantzen ditugu, humanitateen eta gizarte-zientzien begirada kritikoa teknologia digitalen aukerekin uztartuz. Gure abiapuntua ez da datu masiboen tratamendu hutsa: tresna digitalak diseinu pentsamenduarekin eta humanitate eta gizarte zientzien indargune metodologikoekin konbinatzen ditugu, fokua ipinita testuinguru historikoan, beronen interpretazioan, sormenean, ikuspegi kritikoan eta giza esperientzaren konplexutasunarekiko arretan.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digitalek izaera aplikatua eta eraldatzailea dute. Teknologia erabiltzeaz gain, teknologiak sortzen dituen erronka sozial, kultural, etiko eta politikoak aztertzen ditugu, eta baita herritarren ongizatea, justizia soziala eta jasangarritasuna helburu dituzten irtenbideak diseinatzeko prestakuntza eskaini ere. Horregatik, gure jardunean elkartzen dira kultura digitala, hizkuntza eta komunikazioa, adimen artifizialaren eta datuen inguruko gogoeta kritikoa, berrikuntza soziala, parte-hartzea eta herritarren ahalduntzea.
Europako ikerketa eta berrikuntza politikek gero eta garrantzi handiagoa ematen diete gizarte-zientziei eta humanitateei, izan trantsizio digital eta ekologikoei erantzuteko, izan demokrazia sendotzeko, izan kulturen arteko elkarrizketa eta inklusioa sustatzeko, izan berrikuntza teknologikoaren gizarte-inpaktua ulertzeko. Testuinguru horretan, Humanitate Digitalek zubi-lana egiten dute teknologia, kultura eta gizartearen artean, diziplinen arteko elkarlana eta ikuspegi integratzaileak hauspotuta.
Horiek horrela, gure helburua da mundu digitalaren erronkak ulertzeaz gain, horietan esku hartzeko gai diren profesional eta ikertzaileak prestatzea: ikuspegi globala duten pertsonak, tresna digitalak modu kritiko eta sortzailean erabiltzen dakitenak eta ezagutza hori bideratzen dutenak gizarte bidezkoago, inklusiboago eta jasangarriago baten eraikuntzara. Izan ere, Humanitate Digitalak, guretzat, gizarte-aldaketarako humanitate eta gizarte zientziak baitira.
